Album ilustratuaren definizioa eta ezaugarriak:

“Objektu kultural bat, liburu-formakoa, irudien eta testuen hizkuntzen arteko esperimentazio baten emaitza dena –bi hizkuntza horien arteko penetrazioa eta interpretazioa indartsuak eta elkarren mendekoak izanik–; ez da halabeharrez haurrentzat egina, eta gure garaiko eboluzio kultural, sozial, teknologiko eta artistikoaren lekuko den artefaktu gisa ikus daiteke.

Teresa Durán (2009): Álbumes y otras lecturas. Análisis de los libros infantiles, Bartzelona: Octaedro, 202. or.

Album ilustratuak definitzeko orduan argi dago gisa horretako liburu gehienetan hitzek eta irudiek bat egiten dutela eta uztarketa horren ondorioz irakurleari bestelako irakurketa proposamen bat eskaintzen zaiola. Hitzek eta ilustrazioek batasun bat sortu behar dute, albumetan kode bat bestearekin lotu gabe ezin baita liburua bere horretan ulertu, bi kodeen artean mendekotasun harremana baitago. Gainera, hitzek eta irudiek bat egin arren, ilustrazioek testua baino garrantzi gehiago hartzen dute. Izan ere, ilustrazioak ez dira testuak dioena “islatzera” mugatzen eta irudiek ere, sekuentzia bat osatuz, istorio bat konta dezakete. Horren erakusle dira, besteak beste, hitzik gabeko album ilustratuak.

“Album ilustratu batean irudia da nagusi, gailentzen dena, eta testurik gabea ere izan daiteke, edo, bestela, espazio guztiaren ehuneko berrogeita hamarretik behera har dezake testuak. Horrela, alde batetik, album batek testu-eduki bat izan dezake, eta, beste alde batetik, ezinbestez, eduki grafiko/piktoriko bat izan behar du”.

Denise Escarpit (1994): “Leer un álbum, ¡Es fácil! Una manera de interpretar y criticar los álbumes ilustrados, Peonza 75/76, 7-21. or.: 8. or.

Bestalde, irudia hitza baino askeagoa den neurrian, albumek alfabetatze bisualean duten eragina ere nabarmendu dute hainbat adituk. Izan ere, testuak berekin dakar irakurketa erritmoa, badakigu non hasi eta non amaitzen den, testuak gidatzen du irakurketaren norabidea. Baina ilustrazioak irakurketa norabidea irakurlearen esku uzten du; gutxieneko sekuentzialitate bat egon arren, irudiak ikusteko erritmoa ezin da testuarenarekin alderatu, askeagoa da, beste irakurketa erregistro bat gailentzen baita. Eta horretarako beharrezkoa da irudiak irakurtzen ikastea, begia zorroztea eta ilustrazioek eskaintzen dutena adi-adi aztertzea.

Izan ere, irudien eta ilustrazioen sekuentzializazio narratiboaren bidez istorio bat kontatzen duen liburuak irakurketa ariketa aktibo eta parte-hartzailea eskatzen du. Gainera, album ilustratuetan zer kontatzen den funtsezkoa izan arren, nola kontatzen den da garrantzitsuena eta alde horretatik, album ilustratuetan hitzen eta irudien arteko loturaz gain, aintzat hartu behar dira bestelako zenbait elementu eta ezaugarri:

  • Formatua: askotariko formatuek esperimentazioetarako aukerak ematen dute (irakurketa bertikala, orrialde trokelatuak…).
  • Guztiak du zer esana eta esanahia: azalak eta kontrazalak, guardek, eta kontraguardek, titulu-orriak…
  • Papera, enkoadernazioa, orrialdea eta orrialde bikoitzaren arteko harremana.
  • Testuaren tipografia.

Laburbilduz, album ilustratuak ikusteko eta irakurtzeko modu desberdin bat eskaintzen du. Gurean oraindik tradizio laburra izan arren, etengabeko bilakaeran eta eraldaketan dagoen genero hau sofistikazio handiz ari da garatzen eta helduen interesa ere piztu du, kontakizunak aberatsak eta irudiak konplexuak direlako.

Asun Agiriano > Arrasateko udal bibliotekako haur-gazte bibliotekaria
Mikel Ayerbe > EHUko irakaslea

info@etxeparesaria.eus Aldor Internetek garatutako webgunea